Heldu zait eguna. Sorterria utzi behar dut, nire nahiaren aurka. Nire Xiberoa ederrari agur esateko ordua heldu zait. Oraindik gaztea naiz, baina alde egin behar dut. Parisera joango naiz. Ez diot erronkari inolako beldurrik. Hara joango naiz, xiberoar gazte hau, adore guztia edukiz. Gosea jasango nuela esan didate ingurukoek, burutik jota nagoela ere entzun dut hemendik. Baina berdin dit. Pozik nago, Paris ederrera joango naizelako, baina Xiberoa maitea uzteak malkoak isurtzera behartzen nau. Hala ere, Parisera joan beharra dut. Beharrak nahiak baino indar gehiago du. Baina, zaila da egoera. Hazten ikusi nauen herriari agur esan beharra gogorra da oso. Horregatik, bostak inguruan, negar egiten hasi naiz. Negar algaraka. Herrimina jasaten hasi naiz, nire herritik alde egin baino lehen.
Agur esaten dizut Xiberoa, batek daki agur den. Nik nahiago nuke gero arte bat izatea, baina ez dut etorkizuna kontrolatzen, ez naiz horrenbesterako gai. Agur, bai, Xiberoa, mundu osoko lekurik ederrena, agur. Zure zelai orlegi ederrak eta ardiak, zure elizak eta etxeak, zure gazteluak eta jendea, guzti hori faltan botako dut. Baina Parisenen nagoenean, ez zaitut ahaztuko. Nire ametsak hemen daude. Xiberoan nagoela amestuko dut, eta horrela Pariseko ametsik ederrenak izango ditut nik, xiberotar honek.
Baina, Parisen egotea ez da izango ezer txarra. Sorte handia izan dut, jauregi handienetan, hoberenetan, dotoreenetan egongo naiz. Hor bizi izango naiz denbora luzean zehar. Gainera, horrelako bizimodua izanez, oso ondo egongo naiz, jakirik goxoenak eta airerik freskoena arnastuko dut. Iritsi bezain laster, ingurura begiratuko dut, ezker-eskuin, goitik behera, eta gauza asko ikusiko ditut. Nire bihotzak txoriak bilatuko ditu, Xiberoako txoriak, baina hor ez dira izango, Parisen ez baitago horrelakorik.
Hainbeste pentsatu ostean, triste sentitu naiz; hasperenka hasi naiz, ez dudalako nire herria utzi nahi. Negar egiteari utzi diot, eta hasperenak agertu dira nire ezpainetan begietatik isuritako malkoen ordez. Eta berriro etorri zait tristura, tristezia. Bakarrik sentituko naiz, han, urrun, Xiberoa maitetik urrun.
Baina orain ez dut pentsatu behar, ametsak ahaztu behar ditut. Horregatik nire lagunik hoberenari, nirekin etor zedin nahi nuenari, horri esan diot Atharratzera joan dadin nirekin, ez bainaiz gai bakarrik joateko. Eta, zergatik joan nahi dut Atharratze ederrera? Txorien kantuak entzutera. Haiek entzun behar ditut, beraien abesti eta doinu goxo eta ederrak ahaz ez ditzadan. Negar egiten hasiko naiz, bai, baina hunkituta egongo naizelako, hazi naizen doinua berriz entzungo dudalako.
Asko pentsatu dut eta honakoa esan nahi diot nire Xiberoa maiteari: "Entzun nazazu, Xiberoa maite, beti izan zara nire herria, maite izan dudana. Izan zaitez ni maitatu izan dudana hemen ez nagoen bitartean. Eta ez ahaztu, euskaldun guztiok maite zaitugu, zu, Xiberoa maitea, zu zarelako euskaldunon garaikurra".
Parisera heldu bezain laster, bakarrik sentituko naiz; jendez inguratuta egongo naizen arren, bakarrik egongo naiz zu barik, Xiberoa, bakarrik utzi baninduzu bezala. Eta zergatik egongo naiz hain triste hain ondo bizi izango banaiz? Paris ederra delako, baina ez zu bezainbeste. Zu, Xiberoa, zu bakarrik maite zaitudalako.
Pierre Topet "Etxahun"
Niko Etxart, "Agur Xiberua"
No hay comentarios:
Publicar un comentario