sábado, 28 de mayo de 2011

Agur herriari! - Ipuina

Denbora asko neraman nire herritik kanpo. Itzultzeko beharra sentitzen nuen, herrimina agian, baina mina sentitzen nuen. Horregatik aukeratu nuen nire herrira itzultzea. Bidaia luzea zen eta agortuta nengoen, baina ilusioz beteta, hazten ikusi nuen herriaz berriz ere gozatzeko. Bat-batean, lo-kuluxka baten ostean, begiak ireki nituen. Lokarturik egon arren, mendi itzel batzuk zeuden ikusgai. Ederrak baino ederragoa, eta tontorrak elurrez beteta. Neke aurpegiak irribarre ederra egin du, mendi ondoan dagoelako nire herri maitea. Poztasuna dastatzen hasi naiz, jaki goxoa bailitzan. Hain hurbil nago nire jaioterritik...

Azkenean heldu naiz. Baina herria ez dago utzi nuen bezala. Ez dut jendea ezagutzen. Ezta jendeak ni ere. Arraroa da, baina nire herria denez, onartzen dut, hala egin behar dudalako. Baina hemengoa naizela dakite denok; urrutitik natorrelako omen da? Batek atzerriko berriak kontatzeko eskatu dit, mendien beste aldeko ezer ez dakitelako.

Baina denbora pasa ahala, jende gehaigo ezagutzen hasi naiz. Landako langile umilak, nekazari onak, mendi haietan, hain altuak eta ederrak direnetan, hor dabiltzaten artzainak bere aker eta ardiak, iturri bidean dagoen neskatxa ederra, urteak pasa arren lehen bezain ederra dena... Hor daude guztiak. Gainera, ohitura ez dute galdu. Ama Birjinari eskerrak ematen diote orogatik, gure zaindari eta amatxo baita.

Ordua heldu da. Ez dut galduko ohitura neuk, herritar zintzoak. Gure Ama Birjinari otoitz egiten diot, denon alde egin dezan. Hala ere, ez dut denongan pentsatu behar, denok ez baitute behar batzuk bezainbeste laguntzarik. Hobeto pentsatu ostean, bi otoitz egin ditut. Gazteen alde, baserrietan gal ez daitezen, baina herria utz ez dezaten, hau baita paradisua. Baina beste pertsona batek ere behar du laguntza: neuk. Bakea nahi dudalako, niretzat, herriarentzat... Denontzat.

Baina herria utzi behar dut. Etortzea zertarako? Berriz alde egiteko? Zorakeria dirudi, eta hala da. Ez dut ezer egin hemen. Gainera, min gehiago sentituko dut orain, herria berriz utziko dudalako. Herria gero eta urrunago ikusten dut segunduro eta bihotzak zeozer esan nahi dit: gelditzeko eskatzen dit, ez baitu herritik alde egin nahi. Saltoka dabil, zoratuta, nik sufritzea nahi balu bezala. Orain bai sentitzen dudala mina, herria uztearen mina, herrimina, jasaten nuena, egoera garratz hori.

Baina aldendu ahala, honakoa esan nahi diot herri ederrari: Agur, nire herria, nire sorterria! Agur esaten dizut zuri, haurra nintzeneko leku maitatua, agur! Jainkoak entzun ditzala umeen hitzak, haiek behar baitute Jainkoa errukitsua.

Baina hau esatean konturatzen naiz, gaztea baina zaharra eta adinduna naizen arren, ni ere naizela ume horietako bat. Oraindik ez dut galdu herriarekiko maitasuna, eta oraindik Jainkoaren mantu beroa behar dut nire gainean gaiztakeriatik ihes egiteko eta bizitzan salbu egoteko.

Baina bideari ekin diot. Bidean noala, gauza asko ikusten ditut, gehienak penaz. Baina bidea jarraitu behar dut. Hark narama nire helmugara, zelaietan barrena sartuz eta hauek zeharkatuz.

Bide alboan haritza ikusi dut, nire herriko zuhaitzik errespetatuena eta maitatuena, zuhaitz bat den arren. Gogora ekartzen dizkit beti arbola honek txikia nintzeneko oroitzapenak. Izan ere, gaztea nintzenean, mezara joan ostean, zuhaitza ikusten nuen beti, eta haren ondoan gelditu ohi nintzen denbora luzean zehar. Azkenean, ama nire bila zetorren, baina bera zuhaitzaren ondoan jesartzen zen eta nik, tximino bainintzan, adarretara igo eta han kulunkatzen nintzen, jausteko beldur barik.

Aurrera egitean, beste gauza eder bat aditu dut: elorria. Bidea jarraitzerakoan, baratze baten ondoan aurkitu dut elorria, garaia dela eta txuri-txuri egonez. Ederra da, eta ederrak egiten ditu inguruan dauden zuhaixka, belar xixtrin eta loreak zimelak. Bizi eta edertasun sinboloa izan da beti guretzat, eta hala jarraitzen du, gauzak edertuz eta bizitza emanez orori.

Eta azkenean, bidearen amaieran, hor ikusten dut nire etxea. Ezin dut sinetsi. Beti bezala jarraitzen du, baserri ederra izanez. Egurrez eta harriz egina, nire gurasoek edertu zuten, margolan bat bailitzan. Niretzat paradisu izan den lekua aditzen dut, eta malkoak isurtzeari ekin dut. Pozik nago, etxeak zutik eta eder dirauelako, baina triste sentitzen naiz, nire paradisuari sorbalda eman diodalako eta alde egingo dudalako. Negar egiten hasi naiz, eta batek daki noiz geldituko dudan. Agian, paradisua utzi osteko mina sendatzen zaidanean, itzultzean...

Baina azkenean, denoi gertatzen zaiguna gertatzen ari zait. Nork ez du bere etxea maite? Nork ez du uste bere etxea paradisua denik? Azkenean, itzuliko naiz eta berriro egin dut irribarre.

Jean Baptiste Elizanburu

No hay comentarios:

Publicar un comentario