sábado, 30 de abril de 2011

Ikusi mendizaleak - Ipuina

Atzo erabaki genuen pare bat lagunek eta nik: osterantzean igandero joango ginen gure mendietara, kirol pixka bat egitera eta paradisutik hain hurbil dauden gure mendi tontorretako bistak aditzera.

Gaur izan da lehen eguna. Motxilak hartu eta abian jarri gara paradisua ikusteko, gure lurraren edertasunaz konturatzeko. Baso bat zeharkatu dugu, zuhaitzez betea. Nonahi ikus litezke pagoak, pinuak, haritzak. Haiei begira, hiru mendizale ausart hauek eta gure inguruko animalitxoak: pare bat urtxintxa zuhaitzen adarretan, azeriak janari bila, trikuak bizia salbatu nahian... Ederra da irudia, gero!

Basoa zeharkatu ostean zelai orlegi ederra agertu zaigu. Leuna, motza, hezea... Baloi bat eta adiskide batzuk falta ziren futbol partidu bat jolasteko! Han etzan gara hiru lagunak, izerditan blai eta nekatuta, haize freskoa gure hiriko birika zikin eta kirasdunak garbituz, eguzkiari begira.

Baina denbora gutxi dugu eta oraindik tontorra urrun daukagu. Martxan jarri gara, bide luze, neketsu eta zaila dugu aurrean, oztopo itzelekin, gu tontorrera hel ez gaitezen nahi balu bezala norbaitek. Baina inork ez gaitu gure helburutik urrunduko, mendizaleak baikara.

Gora joan ahala, nekea nabaritzen hasi gara. Ez gaude ohituta honetara, baina hain hurbil dago tontorra... Ezin dugu etsi. Esandakoa beteko dugu eta gainera helduko gara. Bideak laguntzarik ez badigu ematen ere, aurrera egingo dugu, arazoa lepoan hartuz eta aurrera segituz.

Hor dugu, metro batzuk baino ez dira falta. Gure azkena ematen gabiltza eta, bat-batean, nahi ez genuena heltzen da. Zoruari, bustita dagoen horri, izotzez gainezka edo, bestela, harrizko bide estua lokatzarekin nahastuta dagoenari, elur maluta batzuk gehitzen badizkiogu, zoramena heltzen zaigu. Gelditu beharra dago, eta non eta hurbilen dagoen leize txiki batean; hor gelditu behar izan dugu eguraldiaren hobekuntzari pazientzia osoz itxaroten.

Segundoak minutu bihurtzen dira, minutuak ordu... Ez dakit zer ordu den, hotz ikaragarria egiten du, gose eta egarri naiz, ez nuen horrelakorik espero nire mendiko lehen igoeran... Baina kokoteraino nago hor ezkutatuta egoteaz. Burua atera dut, gero besoak eta gorputza, kobazulo txikitik aldenduz. Lagunek jarraitu didate, duda-mudatan baina ziur, beldurrez baina adoretsu...

Gu atera bezain laster, eguzkia laino eta lanbro artean ikusgai ageri zaigu. Ateri du, baina azken metroak, ahaztezinak badira ere, amaiezinak egingo zaizkigu. Pauso bat aurrera egin eta beste hakan gelditzeko eskatzen dit, bihotzak aurrera egitera behartzen nauen bitartean.

Hurbil gaude, oso hurbil, hain urbil ezen ez dut zorurik ikusten, baizik eta zerua. Are eta pauso gehiago eman, gero eta zeru garbiagoa eta distiratsuagoa dugu. Azkenean, hor gaude, mendi tontorrean. Esan bezala, kosta ala kosta, mendi puntaraino heldu behar genuen, eta halaxe egin dugu. Heldu eta motxilatik oihal zati bat atera dut, lagunen laguntzaz. Hiru koloreko oihala, gorria, berdea eta zuria. Nire ikurriña. Hor jarri dut, mendi tontorrean, hara heltzen den edonork ikus dezan.

Hemen, orain ikusten dena ikaragarria da. Ederra izatea gutxi da ikus daitekeena deskribatzeko. Zoragarria, miresgarria. Nik ez nuen uste hainbesterako zenik baina, igo ostean, hainbeste sufritu ostean, erraz konturatu naiz nire lurraren edertasunaz: zelai berdeak, itsaso urdina, baso sakonak, herri txikiak... Denetarik!

Begi ongi zabaldu ditut eta hunkitu naiz. Pauso bat aurrera eman dut eta, malko artean, bidea ikusi dut. Igotzean, lokatza eta izotza ziren bide kaxkarran kide, baina orain, zelaiaren zati bailitzan eta paisaiaren edertasuna hartu balu bezala, aldapa lorez beterik aurkitu dut, ederra, txukun, garbi... Paisaiarekin batera egiten du hau are ederragoa bihurtzeko.

Hau ikusita ez dago beste ezer esaterik, paisaia hori nire herriaren zati izateaz harro nago eta oihuka egiteko, ahots sendoz abestekon gogoa sentitu dut, pozik nagoelako, horraino heldu naizelako eta edertasun itzela aditu dudalako.

Leihotikan, "Ikusi Mendizaleak"
Oskorri, "Ikusi Mendizaleak"

viernes, 29 de abril de 2011

Nire aitaren etxea - Ipuina

Duela asko hasi zen nire gudu hau. Galtzen nabil, ez didate irabazten uzten etsaiek, baina nik aurrera egiten dut, neuk, gazte koxkor honek, nire etxea defendatuz, nire aitarengandik jaso nuena, urte askotan zehar bizi izan naizen tokia, nire erreinua eta leinua, neure eta nire ingurukoek gotorlekua.

Eta nork egin diezadaket eraso? Nork bada? Ingurukoek? Ez! Etsaiek! Eta nortzuk dira horiek, nire aitaren etxea lapurtu nahi didatenak? Otsoak ez badira ere, hala dirudite. Gupida barik, bortizki, dena zapalduz, ankerkeriak eginez, horiek dira nire otsoak. Gainera, inork ez dit laguntzen, bakarrik nago haien aurka; ez Jainkoak ez inor. Hor utzi naute, behar dudana ez edukiz, ez urik, ez jakirik... Nork bidali ote dit niri, gazte honi, sikate hau? Horren aurka ere borrokatu behar al dut?

Otsoak, inguruan, esan bezala, ankerkeriak, krudelkeriak darabiltzate. Ni bezala daudenak zapaldu, haiei ostu, haiekin sarraskiak egin. Ezer gutxi nigana heltzeko. Edozerekin pozik dirudite, justiziaren aurkakoa bada, odola inguruan badabil.

Dena eman dut bere alde. Inguruko guztia galtzear nago, baina berdin dit. Hau galtzen badut, nire aitaren etxea zutik iraungo du, zutik egon den bezala eta orain dirauen moduan. Berdin dit, lana eman didaten abereak galduko ditut, otsoen jaki bihurtzeko. Soroak ere, hauek ere lan eman didate, baina galdunen dira, etsaien bizileku lasai izateko nire aitaren etxea ez duten bitartean. Inguruko edertasuna, paradisua dirudien paisai hau, pinuz jositakoa, hau ere ostuko didate, neu galbidera eramateko. Baina ez dute ezer lortuko... Inoiz ere ez!

Baina, hainbeste gauza galtzen baditut, dirua ere galduko dut. Neure dirua eman behar badut aitarenaren alde, emango dut, bada. Galduko ditut, orduan, errentak, interesak, irabaziak... Dirua izan dudala ahaztu behar izango dut nahi dudana lortzeko. Hala bada, zutik iraungo du.

Baina otsoak etsai gogorrak dira, ez didate ezer oparituko. Gainera, irabazteko izan dudan gauza oro kenduko didate. Baina aurrera egin behar izango dut, halabeharrez, aitarenak zutik iraun dezan. Lehenik armak, gero ere eskuak eta besoak... Gorputz osoa eman behar izango dut, arima bakarrik gelditu arte. Sorbalda galduko dut, bularra, nire sendotasunaren islada, nire bihotzaren, nire maitasunaren gotorlekua, hau ere kenduko didate.

Azkenean, lurrean botata geldituko naiz, botata, erdi hilda, odoletan blai, malkoak isuriz, nire indarra eman ezinez. Galduta badago indarra, beste zeozer emango dut, neuk emango baitut dena etxe horren alde, ezer edukiz. Bakarrik gelditzen zait arima, eta hau ere, oso sendoa ez bada ere, otsoen aurka egongo da.

Baina, zoritxarrez, noizbait, dena galduko da. Nire bizitza, nire gorputza, nire arima, nire burkideak... Dena galduko da, aitarena izan ezik. Ni hiko naiz, bai, nire gorputza otsoen janari izango da noizbait; nire arima ere, bere indar xumea, bere borondate sendoa, hau ere galduko da, ahaztua izango da, inork ez du jakingo nor izan naizen eta zer defendatu dudan; askazia, burkideak, otsoek jandakoak, hau ere, zoritxarrez, bakarrik utziko naute, neuk bakarrik utzi ditudan bezala hil ostean, mundu hobe baten alde lan egin dutenak, hauek ere galduko dira.

Malkoak nire aurpegian behera doaz, tristura sentituz, garrasiak botaz, otso horietako bat bainintzan... Dena galduko da, baina nire bihotzak esaten dit: <<Lasai, adiskide, zeren zuk dena eman duzun bezala, beste askok gauza bera egingo dute, beste pertsona batek, agian zure semeak, gauza bera egingo du...>>

Bihotzak esandakoak malkoak isurtzera behartu nau, baina ez sufritzen dudanean bezalakoak, ez. Hauek, triste baina pozik, minduta baina itxaropentsu sentitzera eraman naute. Gauza asko esan dizkit bihotzak, baina esaldi honekin amaitu du, eta nire bihotzean eta buruan eramango ditut betiko: <<Biharamunean, zuk egin duzun bezala, beste batek oihukatuko du honakoa: "GORA NIRE AITAREN ETXEA!">>

Gabriel Aresti
Kriston, "Nire aitaren etxea"