sábado, 30 de abril de 2011

Ikusi mendizaleak - Ipuina

Atzo erabaki genuen pare bat lagunek eta nik: osterantzean igandero joango ginen gure mendietara, kirol pixka bat egitera eta paradisutik hain hurbil dauden gure mendi tontorretako bistak aditzera.

Gaur izan da lehen eguna. Motxilak hartu eta abian jarri gara paradisua ikusteko, gure lurraren edertasunaz konturatzeko. Baso bat zeharkatu dugu, zuhaitzez betea. Nonahi ikus litezke pagoak, pinuak, haritzak. Haiei begira, hiru mendizale ausart hauek eta gure inguruko animalitxoak: pare bat urtxintxa zuhaitzen adarretan, azeriak janari bila, trikuak bizia salbatu nahian... Ederra da irudia, gero!

Basoa zeharkatu ostean zelai orlegi ederra agertu zaigu. Leuna, motza, hezea... Baloi bat eta adiskide batzuk falta ziren futbol partidu bat jolasteko! Han etzan gara hiru lagunak, izerditan blai eta nekatuta, haize freskoa gure hiriko birika zikin eta kirasdunak garbituz, eguzkiari begira.

Baina denbora gutxi dugu eta oraindik tontorra urrun daukagu. Martxan jarri gara, bide luze, neketsu eta zaila dugu aurrean, oztopo itzelekin, gu tontorrera hel ez gaitezen nahi balu bezala norbaitek. Baina inork ez gaitu gure helburutik urrunduko, mendizaleak baikara.

Gora joan ahala, nekea nabaritzen hasi gara. Ez gaude ohituta honetara, baina hain hurbil dago tontorra... Ezin dugu etsi. Esandakoa beteko dugu eta gainera helduko gara. Bideak laguntzarik ez badigu ematen ere, aurrera egingo dugu, arazoa lepoan hartuz eta aurrera segituz.

Hor dugu, metro batzuk baino ez dira falta. Gure azkena ematen gabiltza eta, bat-batean, nahi ez genuena heltzen da. Zoruari, bustita dagoen horri, izotzez gainezka edo, bestela, harrizko bide estua lokatzarekin nahastuta dagoenari, elur maluta batzuk gehitzen badizkiogu, zoramena heltzen zaigu. Gelditu beharra dago, eta non eta hurbilen dagoen leize txiki batean; hor gelditu behar izan dugu eguraldiaren hobekuntzari pazientzia osoz itxaroten.

Segundoak minutu bihurtzen dira, minutuak ordu... Ez dakit zer ordu den, hotz ikaragarria egiten du, gose eta egarri naiz, ez nuen horrelakorik espero nire mendiko lehen igoeran... Baina kokoteraino nago hor ezkutatuta egoteaz. Burua atera dut, gero besoak eta gorputza, kobazulo txikitik aldenduz. Lagunek jarraitu didate, duda-mudatan baina ziur, beldurrez baina adoretsu...

Gu atera bezain laster, eguzkia laino eta lanbro artean ikusgai ageri zaigu. Ateri du, baina azken metroak, ahaztezinak badira ere, amaiezinak egingo zaizkigu. Pauso bat aurrera egin eta beste hakan gelditzeko eskatzen dit, bihotzak aurrera egitera behartzen nauen bitartean.

Hurbil gaude, oso hurbil, hain urbil ezen ez dut zorurik ikusten, baizik eta zerua. Are eta pauso gehiago eman, gero eta zeru garbiagoa eta distiratsuagoa dugu. Azkenean, hor gaude, mendi tontorrean. Esan bezala, kosta ala kosta, mendi puntaraino heldu behar genuen, eta halaxe egin dugu. Heldu eta motxilatik oihal zati bat atera dut, lagunen laguntzaz. Hiru koloreko oihala, gorria, berdea eta zuria. Nire ikurriña. Hor jarri dut, mendi tontorrean, hara heltzen den edonork ikus dezan.

Hemen, orain ikusten dena ikaragarria da. Ederra izatea gutxi da ikus daitekeena deskribatzeko. Zoragarria, miresgarria. Nik ez nuen uste hainbesterako zenik baina, igo ostean, hainbeste sufritu ostean, erraz konturatu naiz nire lurraren edertasunaz: zelai berdeak, itsaso urdina, baso sakonak, herri txikiak... Denetarik!

Begi ongi zabaldu ditut eta hunkitu naiz. Pauso bat aurrera eman dut eta, malko artean, bidea ikusi dut. Igotzean, lokatza eta izotza ziren bide kaxkarran kide, baina orain, zelaiaren zati bailitzan eta paisaiaren edertasuna hartu balu bezala, aldapa lorez beterik aurkitu dut, ederra, txukun, garbi... Paisaiarekin batera egiten du hau are ederragoa bihurtzeko.

Hau ikusita ez dago beste ezer esaterik, paisaia hori nire herriaren zati izateaz harro nago eta oihuka egiteko, ahots sendoz abestekon gogoa sentitu dut, pozik nagoelako, horraino heldu naizelako eta edertasun itzela aditu dudalako.

Leihotikan, "Ikusi Mendizaleak"
Oskorri, "Ikusi Mendizaleak"

No hay comentarios:

Publicar un comentario