domingo, 19 de junio de 2011

Gauden eskualdun - Ipuina

Beti sentitu izan dut zirrara nabaria neure herriari buzruz hitz egiten dutenean. Zergatik? Aberria maite dudalako eta horrek, nire herria bat egitearen alde lan egitera behartzen nauelako. Eta zergatik egon behar da baturik nire herria? Eskualdun guztiak eskualdun petoak izateko.

Agur eta ohore zor diot eskualdunon gure herriari, Eskual Herriari. Lurralde ederrak eta paisaia miresgarriak ditugu gure artean: alde batetik, nire gunea, Iparraldea; Lapurdi kostaldeduna eta Behe-Nafarroa eta Zuberoa landakoiak. Hirurak xarmangarriak bezain dotoreak, hirurak miresten ditut, hirurak baitira nire lurralde, hauek ikusi nautelako hasten eta hezten. Bestetik, Hegoaldea, niretzat ezezagun bezain liluragarria: Bizkaia, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroa. Lauretatik ez dut bat ere ez ezagutzen, baina nire sortaldea balira bezala maite ditut, nire anai eskualdunak hor ere bizi direlako. Baina ez genuke Iparraldea eta Hegoaldea desberdindu behar. Biak eta zazpiak dira eskualdunon herria eta horregatik egon behar dugu loturik, besarkatuta agian, anaiak baikara.

Gure mendi zoragarriek bere kuttuna gordetzen dute beraien artean. Gure herriko zuhaitza, haritza, hor ezkuturik dago, baso eta landak inguruan dituelarik. Bananduta dago, gure herria bezala, bitan. Lau adar hegoari begira eta hiru iparrari. Ez litzateke hobe denak barnean egotea, zoru eskualdun batean?

Urte asko daramatzagu gurea ez den zoruan. Iberiarrak hona etorri eta gurea kendu ziguten. Jada 4000 urte pasa ei dira. Noiz itzuliko digute zor digutena? Zergatik egon behar gara kikilduta gure den herrian?

Haritz hori gara gu, eskualdunak. Atzerritarrak, gu nor garen ulertzen ez duenak zapaltzen gaitu. Ez diezaiogun inori utzi halakorik egin diezagun. Eta gure arbasoek, landa hau berea zutenek, ez dezaten ikus gure egoera. Herri galdua gara, galbidera doana baina norabidea berrezarri nahi duena.

Eskual Herri honetan alaba bakarra dugu orain, eta alde egin nahi du. Gure Legezaharrari uko egin dio eta gure hizkuntza maiteari ere bai. Axolagabakeria samarra esan digu, baina ez digu inporta. Noizbait konturatuko da egin duen akatsaz. Baina oraingoz biei uko eginez, ez da eskualduna, eskualdun on batek Legezaharraren borrokatzen duelako, gure lagun karlistek bezala, eta euskaraz mintzatzen da, baita hizkuntza igorri ere.

Gainera, eskualduna dena eskualduna izaten jarraituko du beti. Izaeraren barne dago, hizkutzan, ahozkeran. Eskualduna jakintsua da izatez, hezia ez bada ere. Jakintsua eta egoeraz konturatzen dena. Nahiz eta arrotzak gure aberrian sartu, hemen jarraituko dugu, gure lurrean, guri dagokigun tokian. Ez dugu alde egingo, ezta pentsatu!

Eskualduna eskualdun bada, ez dio inoiz uko egingo horrek esan nahi duenari. Eskualduntasuna beti nabarmen izango du bihotzean eta garunean euskaraz sortutako pentsamenduak izango ditu. Neuk horri bizkarra ematen dion norbait aurkituko banu, denon herriaz barre egiten norbait ikusiko banu, nitaz barrezka legoke, nire herriaz trufatzen dena nitaz ere barre egiten duelako.

Gure arbasoek ere hala sentituko lirateke. Haiek lur hauetan bizi izan ziren, hauek maitatu zituzten eta hauen alde eman zuten bizia. Baina guk ez dugu aberria defendatu arbasoek haien garaian egin zuten bezala. Opari ederra egin genien bai Frantziari bai Espainari. Gure baldartasunari esker, arrotzek lurralde ederrak dituzte haien eskuartean, gure lurrak menderatu dituzte gure nahiaren aurka.

Hala ere, guk bi herri horien alde egin genuena ez digute inoiz eskertu. Eskualdunok bota genituen mairuak penintsulatik. Guk erail genituen, guk saihestu genuen haien saiakera Pirineetan zehar mugitzeko. Milaka, ia milioika mairu, berebier eta magrebtar bota genituen gure lurretatik, haien aurka borrokatu eta haien galbidea erakutsi genien: eskualdunon aurka egitea. Hidakoak asko izan ziren, gehienak, eta hil ez zirenak korrika, laster egin zuten alde, haien lagunen zoritxarrak haiek jasan ez zezaten.

Baina, bada garaia gurea dena berreskuratzeko. Eskualdun oro egon behar da prest, nor bere lurrera itzuliko baita, hor dagoen arren. Eskualduna bere lurraren nagusi izan behar da, lehenaldian hala izan den bezala. Inork ez gaitu menderatu behar gure munduan. Ez Frantziak, ezta Espainiak ere, inork ez digu lapurtu behar gure lurralde eder eta emankorra. Lehen lurra kendu ziguten, baina orain eta bihartik aurrera ez digute deus kenduko.

Baina denbora ere gure aurka dago. Patuak ez digu laguntzen eta gu, aberriaren langile arduratsuok, ez dugu jaso ezer okupazio honengatik. Inbasio honen ondorioz galdu duguna zor digute, baina ez digute itzuliko. Zergatik da patua hain zakarra gurekin, jendu umilarekin? Langileei trabak jartzen dizkigute, alferrek, gure landak eta soroak lapurtu zizkigutenei, laguntza mistikoa jasotzen duten heinean.

Baina iraganean ez zen halakorik. Aske ginen garaia buruan dugu ikusgai. Gure oroitzapen ederrena. Agian norbaitek ez du bizi askatasun hori, baina guk erakutsi diogu zer zen sentitzen genuena askeak ginenean. Baina nork bere oriotzapenak ditu, ez dakizkit lagunenak, denok kontatzen ditugun arren. Jaungoikoak bakarrak dakizki gure burmuinaren barruan ditugun sentimendu eta zirrarak.

Denbora pasa ahala, bada jendea bere eskualduntasuna galdu duena, zoritxarrez. Askatasunaren itxaropena gal daiteke, noski, denbora aski igaro baita. Baina, apaldu gabe, harro egon zaitez, lagun, itxaropentsu, iragan zoriontsua itzuliko baita. Zutik, anaia, odola eta fedea baitakagu. Dena emana dago borrokan aritzeko. Hala ere, guztiaren gainetik, eskuara. Hizkuntza bat baino gehaigo da. Gure hizkuntza. Ari zaitez eskuaraz galbidea saihesteko eta onbidera itzultzeko.

Azken gauza bat egin behar dugu eskualdunok. Izerdia eta odola eman dugu jada, bakarrik falta da otoitz egitea. Eskualdun ona kristaua denez, Jaungoiko errukitsuari erregutzen dio guztion ona. Orduan eska diezaiogun Jaungoiko onberatsuari eskual jendeari lagun diezaion. Beti begiratu behar dio gure barneari, gure barne kristau onari, eta hori ikustean, besarkada handia emango digu Jainkoak, bakearekin batera.

Grazien Adema "Zaldubi"
Urko, "Agur Euskal Herriari"

sábado, 4 de junio de 2011

Gernikako arbola - Ipuina

Gure herriaren seinurik ezagunena da honakoa eta merezi du bere omenez kantu egitea, hainbeste sufritu ostean. Bai, gure Gernikako Arbola. Urteetan zehar asko sufritu du, bonbardaketak, hiltzea... Baina zutik dirau, eta hala jarraituko du gure lanari esker.

Gainera, zein euskaldunek ez daki zein den Gernikako Arbola? Denok dakigu, baita atzerrikoek ere, haritz hau nor den. Bedeinkatua, gure islada, gure herriarena, bere tradizioarena. Ez da bakarrik jakitea zein den arbola edo zuhaitza besteetatik bereiztea, baizik eta euskaldun izateko haritz ederra maitatu behar da, gu garelako haritza, gure irudi bezala islatzen da mundu osoan.

Zure mezua zabal ezazu, arbola maitea, euskaldunon mezua, gure kulturarena, zuk bezala inork ezin baitezake mezu hori zabaldu. Honengatik maitatzen zaitugu hainbeste, eta noizbait santua izan zaitezen eta bedeinka zaitzaten espero dugu.

Baina noiz sortu zinen? Noiz jaio zinen? Noiz etorri zinen gure artera? Kondairak ugariak dira, baina denek diote milaka urte daramatzazula gurekin, Gernikan, zure erroak sendo sartuta euskal lurrazalean. Jainkoak jarri omen zintuen, sendo, tente. Baina ez zara eroriko. Zu erortzen bazara, geu ere zurekin eroriko gara.

Berdin da, ez zara eroriko. Inolaz ere ez. Gu zure inguruan gaude, zure mezua hedatzen baina zu zaintzen, zure gotorleku sakratutik atera ez zaitzaten. Gainera, Bizkaiko jendea hurbil daukazu, zuk ihes egin ez dezazun, gure kuttuna baitzara. Bizkaikoak inguruan gauden arren, hurbil ditugu ere anai-arreba euskaldunak: nafarrak, arabarrak eta gipuzkoarrak. hemen gaude guztiok zuri adi. Zu lasai zauden heinean, gu bakean egongo gara.

Eta zu lasai egoteko denok otoitzen dugu, euskaldun orok. Berdin dio erlijioa, berdin diote sinesmenak, euskaldunak garen bitartean. Zure alde errezatzen dugu, bakean egon zaitezen. Bihotzearen barne-barnetik datorkigu desira gogor hori, eta Jainko kupidatsuak gure eskaerak entzungo ditu, zure alde ere baitago bera, gure lagun hurkoa.

Asko izan dira arbola bota nahi izan dituztenak. Gure herriaren aurkakoak asko dira, baita izan iraganean ere. Denak herriaren etsaiak izan dira lehen, zu suntsitu nahi izan zaituzte. Denok dakigu saiatu direla, baina porrot egin dutela ere. Hala ere, esaiguzu euskaldunoi lotan ez gelditzeko, bota ez dezaten gu bizirik gauden bitartean.

Eta zutik zaudenean, zutik irauten duzun bitartean, udaberria izango da beti. Bai, udaberria. Urteko sasoirik ederrena, zeu baitzara ederra, zeu ematen baitituzu edertasunaren fruituak. Loreek zuk bezala jokatuko dute, eta fruituak emango dizkigute. Haritz ederra, gutaz gupida zaitez eta emaizkiguzu frutu goxoak.

Eta hainbeste hitz egin ostean, arbolak erantzun digu. Zuhaitza da, bai, ezin dezake hitz egin, baina bere mezua bihotzera heldu zaigu: "Zaudete lasai, adiskideak, nik bizirik iraungo dut eta, zaharra naizen arren. Maite zaituztet, zuek ni bezala, eta horregatik nire ondoan egon zaitezten nahi dut. Horregatik, adi izan. Nigatik erregutzen diozue Jaun Gorenari, baina zuengatik ere egin ezazue, Jainko errukitsuaren barkamena lortzeko. Ez dugu gure etsaiek egin dituzten sarraskeriarik nahi, ez dugu gudarik nahi, bakarrik bakea eta gure herriaren legeak betetzea".

Nire bihotzak zirrara osoz jaso du mezua eta poztasunezko malkoak isuri ditut, irribarre batek nire ezpainak zeharkatzearekin batera. Arbola maitatuak esan didana beteko dut, noski, zaharra denez, jakintsua delako, baina berak nire ona nahi duelako betetzen dut esandakoa. Jainkoari erregutuko diot bakea lor dezan, baina  beste gauzatxo bat ere eskatuko diot: gure herria, Euskal Herria, bedeinka dezala.

Jose Mari Iparragirre