Herri askotarikoak gara euskaldunak: arabarrak, gipuzkoarrak, ziberuarrak, bizkaitarrak, lapurtarrak eta nafarrak. Desberdinak batak besteoi erreparatuz, eta horregatik gara hain herri handia, elkar maite dugulako.
Herri bakoitzean, gainera, ez dugu era bertsuetan hitz egiten, nork bere euskalki maitean hitz egiten baitu; batzuek bagare esaten duten heinean, besteok bagera, bagire edota bagara esan dezakegu, norbere jatorriaren arabera.
Baina denok gara euskaldunak, hori denaren gainetik dago, gure herri maitatua baita. Eta ez gara familiakoak izango, noski; hala ere, anaiak gara. Euskaldun oro da euskaldun, eta euskaldun guztiok anaiak gara, gure aita berdina baita: euskal aberria. Eta zerk batzen gaitu? Desberdintasunak, gezurra badirudi ere. Ez dugu era berean hitz egiten, nor bere herrikoa baita, baina denok dakigu euskara, erabiltzen dugu, defendatzen dugu, maitatzen dugu!
Euskaldunak gara, euskal herri guztietakoak, herri bat osatzen dugu, batzuk konturatu ez arren. Eta horrek egiten du askotan herri bat bezala ez sentitzea, edo jendeak ez jakitea herri bat garela.
Baina ez dezagun utzi hori gertatzea! Inolaz ere ez! Euskaldunok, adi herria gal ez dadin!
Denok gara euskaldunak, eta euskaldunak bezala euskara defendatu behar dugu; nola? Erabiliz gure artean; oroimenean ez utziz, baizik eta hitzetan; gure hizkuntza, Etxepare-k esan zuen bezala, plazaratuz, kaleratuz, munduratuz... askatuz!
Baina ez bakarrik hizkuntza, ez. Zergatik? Hizkuntza bere herria ez duelako, eta herria ez duen hizkuntza oro hiltzen delako. Ez dugu nahi gure hizkuntza beste batzuek jazar dezaten, eta horregatik euskararen herria ere, euskara bera bezala, askatu behar dugu.
Baina zergatik hainbeste bagare, bagera, bagire, bagara? Hor dago gakoa. Zer da gu garena? Euskaldunak gara, eta horretaz konturatu arte, hitz hori gure begien aurrean jarri behar dugu, buruak zer garen uler dezan.
Bittor Kapanaga, "Bagare"
Gontzal Mendibil eta Xeberri, "Bagare"
No hay comentarios:
Publicar un comentario