sábado, 3 de septiembre de 2011

Loretxoa - Ipuina

Txikia nintzeneko oroitzapenak galdu ditut, batek daki zergatik. Baina zeozer oroitzen dut, une labur bat, instant bat den arren.

Behin gurasoekin mendira joan nintzen. Hiruzpalau urte izango nituen garai hartan. Bada, nire gurasoekin ibiltzen hasi nintzen eta naturaz txunditu nintzen. Loreak, tximeletak... Hango natura maite nuen, eta gurasoek horretarako eraman ninduten. Baina gauza batek txunditu ninduen zuhaixken ondoan lorerik ez aurkitzea. Landa lorez beteta eta larrartean ezer ere ez. Harritu ninduen.

Baina, loreren bat zegoen, ziur nengoen, eta gurasoen albotik alde eginez, lore horien bila abiatu nintzen. Galduta nengoen, baina nire lana zen lore hura topatzea.

Bat-batean, hor agertu zen, betidanik hor egon balitz bezala. Lore txikia zen, lurrarri irmo, tinko lotuta. Hari bideratu nion begirada. Ederra zen, bada. Koloreetaz ez naiz oroitzen, baina ez dut horrelako lorerik berriz ikusi.

Eta lorea sentitu nuen. Tontakeri bat dirudi, baina hitz egiten zidala iruditu zitzaidan. Alboetara begiratu nuen ea nire gurasoak edo norbait zen, baina ez zegoen inor. Eta zer arraio esan ziezadakeen lore ziztrin batek?

Aske izan nahi zuela azaldu zidan, askatzeko erregutu zidan, berak aske izan nahi baitzuen, jaiotzerakoan libre izango zela uste baitzuen. Denbora larregi eman zuela lurrari loturik esan zidan, eta berriz, askatzeko.

Nik ez nekien zer egin. Askatasun kontua ez nuen oraindik ulertzen, baina lotuta egoteak triste sentiarazten zuela ulertu nuen, negarrez balego bezala. Neu ere negar egiteari ekin nion, egoera tristea baitzen. Izaki batek askatasuna nahi eta ezin jaso. Hainbeste nuen ama natura krudela iruditu zitzaidan momentu hartan.

Baina ezin nezakeen lurretik kendu. Debekatuta zegoen, bestela hil egingo baitzen. Berriz galduta sentitzen nintzen, norabidea bilatu nahian baina aurkitu ezinik. Orduan ohartu nintzen loretxoaren arantzetaz. Mingarriak ziruditen, ukitzean odola isurtzen hasi bainintzen.

Mingarriak ziren, bai. Loretxoari kendu nahi nizkion, baina zerekin? Berdin zitzaidan, bere askatasunaren alde neure burua emango nuen, eta hala egin nuen. Arantzak banan-banan kendu nituen, negar eta oihuak tartean zeudelarik. Amaitzean, nire eskuak pintura gorriz estalita zeuden. Baina loreak ederrago ematen zuen. Agian askea izango zen.

Loretxoak indarra izango du, arantzarik gabe dagoelako. Horixe zioen nire buruak. Indartsuagoa izango da, kementsuagoa. Askatasuna lortuko du, bere fruitu emanez.

Gero zer gertatu zen ez dut gogoratzen. Baina egun horretatik aurrera, lore hura bezala sentitzen naiz, loretxoa aske izango baita, neu ez bezala. Loretxoa ikusi nahi dut, ea aske izaten laguntzen nauen, behin nik lagundu nuen moduan.

Benito Lertxundi, "Loretxoa"
Exkixu, "Mendian Loretxoa"

No hay comentarios:

Publicar un comentario