Ez da egun polita gaurkoa. Nire ingurukoak bezala zerua ere negarretan dago. Lagun bat galdu dugu, hil da, negarretan dabilen zeru horretara abiatu da. Neu ez nago negarretan, nahi dudan arren. Beti izan naiz horrelakoa, zaila egin zait betidanik nire sentimenduak kaleratzea.
Lagun ona zen, bada. Joana da, baina nire bihotzean oraindik dago, bizirik bailego. Denbora asko eman dut, berarekin nire sentimenduak partekatu ditut. Maite nuen, bada. Batek daki maitasun hori niregan ere bazuen, edo adiskidetasun hura berarentzat ez zen hain sendoa. Ezin dezaket jakin, berandu da.
Baina nik maite nuen, nire adiskidea zen. Eta horregatik etorri naiz hiletara. Gogorra da, badakit, are gehaigo etorri diren besteak dauden moduan ikustea. Baina aurrera egin behar dugu, bera egon ez arren.
Bat-batean, denok hasi gara gorpuari abesten. Ez dakit zergatik, ez nekien zein zen abestia, doinua, hitza... Baina jendeak abesten zuen heinean, malkoak ugariagoak bihurtzen ziren; baina jendearen aurpegietan zeozer gehiago aditzen zen, aurreko atsekabe eta tristurak desagertzen baitzihoazen, eta irribarre ñimiño batzuek lekua hartzen zuten, poztasuna balego bezala. Azken finean, gure laguna leku hobe batera zihoan, bere onura gure poza izan behar zuen, gurekin ez zegoen arren.
Gainera, abestia ez nuen ulertzen, ezin nezakeen nire ingurukoen doluminaren eta saminaren bilakaera sentitu, poztasun erlatibo baina gozo batera heldu arte. Ez nuen hizkuntza ulertzen, baina kantak zioena eta nire lagunak erabili eta maite zuen hizkuntza berdintsuak ziren, edo tankera bera, behintzat.
...
Egunak joan, egunak etorri, bere hiletaren urteurrena heldu da. Astero joan naiz bere hilobira, baina gaur arte ez naiz konturatu zeozer idatzitza dagoela hor. Honakoa zioen:
"Agur Jaunak
Jaunak agur
Agur t'erdi
Danak Jainkoak
Eiñak gire
Zuek eta
Hain gu ere
Agur Jaunak,
Agur,
Agur t'erdi,
Hemen gera,
Agur Jaunak"
Olerki bat zen, eta irakurtzean, barnean korapilo bat sentitu nuen. Burura datorkit orain bere hiletan abestutakoa. Oroitzen naiz, bai. Denok abesten neu izan ezik. Hunkigarria, benetan, ez nuen inoiz horrelakorik ikusi. Dolumina eta tristura abesti eta pozarekin batzen era arraro baina baketsu eta zinezkoan.
Orain, entzun nuena eta irakurri dudana ulertzen dudalarik, hiletan isuri ez ziren malkoak erortzen dira nire aurpegian behera. Errespetua eta maitasuna goraipatzen zuten, nik lagunarengan sentitzen nuena eta ezin niezaiokeena adierazi kanta eder horren bitartez.
Belaunak lurrari atxikituta, eskuek nire aurpegi hezea estaliz, abesteari ekin diot. Bakarrik nago, bada. Galdu dut nire laguna, baina azkenean lortu dut nahi nuena adieraztea. Laguna goratu dut, han goian nitaz harro egongo da, ziur gainera. Azkenean, bakean nago berarekin, nire bihotza aske sentitzen. Triste, lagunarekin ez nagoelako; pozik, laguna nire bihotzean harro daramadalako.
Lagun, goian bego ta agur t'erdi!
No hay comentarios:
Publicar un comentario